Eskola laiko baten alde

Xabier Munibe Ikastolan erlijioak izan behar duen lekuaz hausnarketa prozesua abiatu genuen HH-LHko Ordezkaritza Organo Goreneko kide garen gurasook. Gaiaz luze hitz egin ondoren eta bakoitzak bere ekarpenak mahai gainean jarri eta gero, ondorengo adierazpena adostu dugu.

Eskola laiko baten aldeko adierazpena:

  1. Eskola Publikoak laikoa izan behar du, kultura, jatorri, sinesmen eta ideologia guztietako kideak ordezkatuta senti  daitezen eta inork bere burua baztertuta ikus ez dezan.
  1. Berdintasunean, elkartasunean eta justizian oinarritutako gizarte bat lortzeko bidean, Hezkuntza faktore estrategikoa da.  Erlijioa lantzeko gure ikastetxean egun ezarrita ereduak ez du bertako ikasleen aniztasun kultural eta erlijiosoa jasotzen. Eskola publikoak integratzailea izan behar du, inor ez da baztertuko arrazoi ekonomikoengatik, sexuagatik, erlijioagatik, pentsamenduagatik, kulturagatik eta adinagatik. Haur guztiak berdintasunean heziko dituen eskola baten alde gaude.
  1. Norbanakoen eta kolektiboen arteko ezberdintasun kultural eta erlijiosoak orekatzea Hezkuntza Publikoaren egitekoa eta ardura da, elkarbizitza abiagunean jarrita, kultur aniztasunaren balioa eta aberastasuna ikasleei, irakasleei eta gurasoei helaraziz. Horretarako beharrezkoak diren unitate didaktikoak eta integrazio programak landu beharko dira eskolan.
  1. Erlijio guztiak, katolikoa barne, eskolatik kanpo landuko dira, betiere, Hezkuntza Sistemak erlijio ikasgaiaren ikuskera anitzagoa eta zabalagoa  ez badu proposatzen.

 

 

  1. Egungo ereduaren arabera, eskola ordutegi barruan erlijio klaseak egoteak umeak gurasoen sinesmen erlijiosoen arabera banatzea dakar. Hau, diru publikoz finantzatutako eskoletan egon beharko lukeen abiapuntu integratzailearen aurka doa. Eskolak biltzeko gunea izan behar du, erlijioak edo bestelako sinesmenek sor lezaketen banaketarik gabe.  Elkarbizitza irizpidearekin ez dator, inondik ere,  erlijio zehatz bat ikasteko neskatoen eta mutikoen arteko banaketa, astean ordubetez izan arren.
  1. Eskolak zabala eta integratzailea izan behar du, are gehiago orain, katolikoa ez den bestelako erlijio sinesmena duten etorkinen etorrerak erlijio sinesmenengatik zatiketa areagotu ahal duen honetan.
  1. Eskola Publikoan administrazioak ordaindutako, baina Gotzaindegiak izendatutako erlijio irakasleak egotea ez zaigu zuzena iruditzen.
  1. Gizartea bera bezala, Xabier Munibe ikastetxearen argazkia asko aldatu da eta asko aldatuko da datozen urteotan. Hori dela eta, premiazkoa ikusten dugu gure seme-alaben heziketan kultur aniztasunaren balioak eta ezagupenak txertatzea, horretarako dauden aukerak landuz.

Legez, Xabier Munibe Ikastola erlijioa  ikasgaia eskaintzera behartuta dagoen arren, ikastetxe honetako Ordezkaritza Organo Gorenak eskola laiko baten aldeko apustua egiten du, eta hori dela eta, erlijioa ikasgaia ez aukeratzeko proposamena egiten diegu gurasoei.

Kategoria: Elkarbizitza Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude