Gurasoak mobiliza gaitezen: DBHko eraikin berria, orain!

Eraikin berriaren aldeko elkarretaratzea

Kalitatezko Hezkuntza publikoan sinesten dugulako hautatu genuen Xabier Munibe Ikastola gure seme-alabentzat. Oinarri hezitzaile sendoak dituen ikastetxea ez ezik, baliabide eta azpiegitura egokiak bermatuta dituen eskola dela sinetsita egin genuen hautua. Azken urteotako ibilbideak eta egoerak baina, kezka sortu digu. Kezka eta ezinegona. Ez ditugulako gure haurren beharrak aseta ikusten eta datozen urteotan egoerak okerrera egiteko arriskua egon badagoelako. Dagoeneko martxan beharko lukeen DBHko eraikin berriaren arrastorik ez dago, eta ondorioz, leku arazoa lehertzear da Xabier Munibe Ikastolan. Hamarkada batean, 500 ikasle inguru izatetik 1.000 inguru izatera pasatu gara. Bikoiztu egin da ikasle kopurua, ez ordea baliabideak.

Ikasle guztiak jasaten ari diren gabeziak aipatzeak luze joko luke. Baina, txikienetatik hasi eta DBHraino hedatzen da gure seme-alaben arazoa. Izan ere, txikiek ez dute gela egokirik hain beharrezkoa den psikomotrizitatea lantzeko eta DBHko ikasleak berriz, bi eraikinetan banatuta daude. Administrazioak, beste behin ere, agindutako hitza ez du bete. Orain zazpi urte agindu zuten gure herriko buruzagiek eraikin berria martxan jarriko zutela. Eta askok sinetsi egin genien. Zain, lozorroan, geldirik egon gara, agindutakoa noiz beteko. Sinesgaitza dirudien arren, proiektu urbanistikoek baldintzatu dute guztiz hezkuntza proiektua eta aurreikuspen urbanistiko batzuk bete ez direlako gaude gauden egoeran: DBHko eraikin berririk gabe eta Xabier Munibe ikastetxea espazio faltan, lehertzear. Beste behin, hezkuntza ez da egon politikarien lehentasunen artean.

Horregatik guztiagatik eta gure seme-alaben eskubideen alde borrokatzea gure egitekoa delako, sortu dugu  Xabier Munibeko Gurasoen Batzorde Bateratua. Lau guraso talde gaude bertan ordezkatuta: HH-LHko OOGko guraso taldea, DBHko OOGko guraso taldea, Udaberri Guraso Elkartea eta Indarlan Guraso Elkartea. Bateko eta besteko ordezkariekin, 10 laguneko batzorde bat osatu dugu Xabier Munibe Ikastolak bizi duen arazoari aurre egiteko. Hiru helburu jarri ditugu mahai gainean: 2014/15 ikasturterako DBHko eraikin berria amaituta izatea, bitarte horretan HH-LHko eta DBHko ikasle guztien baldintza egokiak bermatzea eta une oro gurasoak informatuta izatea, egoeraren larriaz denok jabetu gaitezen.

Dagoeneko eman ditugu lehen urratsak. Bitartekaririk gabe eta gurasoen kezkak zuzenean helarazte aldera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoekin bilera bat egin genuen martxoaren 20an. Nekane Agirre Gipuzkoako ikastetxeetako arduradunarekin,  Julen Bengoetxea Hezkuntza Sailak Gipuzkoan duen ordezkariarekin eta Jose Sobrino Hezkuntza Saileko arkitektoarekin elkartu ginen Xabier Munibe ikastetxeko sei guraso. Azkoitiko egoera berezia eta ezohikoa zelako hartu gintuzten, ez baitituzte zuzenean gurasoak hartzen Hezkuntzakoek. Zapore gazi-gozoarekin atera ginen hitzordu hartatik. Nor garen eta zer nahi dugun esatea zen helburuetako bat, eta hori bete genuen. Informazio eske ere joan ginen, ordea. Eraikin berriaren kronograma jakin nahi genuen, noiz hasiko diren obrak eta noiz izango dugun eskola berria. Ez ziguten ezer eman. Beti bezala, hitz zuzenak, promesak eta usteak. Ezer garbirik ez, informazio zehatzik ez. Eraikin berria egin egingo zela agindu bai, baina noiz zehaztu gabe. Azken urteotako eskarmentua bizkar gainean izanda, baditugu hamaika arrazoi mesfidati egoteko. Azkenean, ekainean berriro gurekin batzeko konpromisoa hartu zuten, egoera zertan dagoen azaltzeko.

Bitartean lanean jarraituko dugu gurasook, harik eta gure seme-alaben hezkuntza proiektua bermatuta ikusi arte. Batuta eta elkarlanean egingo dugu bidea, 0-16 urte arteko hezkuntza proiektu bateratu batean sinesten dugulako. Xabier Munibe Ikastolan mamitzen delako gure seme-alaben heziketaren zati garrantzitsu bat. Kalitatezko euskal eskola publikoa denon eskubidea delako.

Borroka hau aurrera eramateko, guraso guztien laguntza eta parte-hartzea beharrezkoa da. Gurasoon esku dago gure seme-alaben etorkizuna. Denok batuta indar handia egin dezakegu. Administrazioa gure eraikin berriaren alde lanean noiz hasiko zain geratzen baldin bagara, beste hainbeste urte pasatuko dira ezer aurreratu gabe.  Hori dela eta, hainbat ekimen egingo ditugu datozen hilabeteotan, gure ahotsa eta gure aldarrikapena guztiek entzun dezaten.  Jakinaraziko ditugu ekimen guztiak eta zuen parte-hartzea espero dugu. Esan gabe doa, guraso guztien ekarpenak hartuko ditugula sortu berria den batzorde honetan.

Kategoria: Eraikin Berriaren Aldeko Batzordea Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>