Eraikin berriaren aldeko batzordea, berriro, lanean

‘Irudikatu eraikin berria’ ekimena

Udako etenaldiaren ondoren, martxan da, berriro, Xabier Munibeko Gurasoen Batzorde Bateratua. Eraikin berriaren  gaia erdigunean jarrita, batean eta bestean ate-joka hasita gaude, egoera zertan dagoen jakiteko. Ohar honen bidez, azken bi hilabeteotan bildu dugun informazioa helarazi nahi diegu Xabier Munibeko kide guztiei.

Maiatzean,  Gasteizen  (Pello Bastarrika alkateak, Esther Lizarralde alkateordeak,   Hezkuntzako ordezkariek eta bi gurasok), izan genuen bileraren ondotik, Marisol Esteban Hezkuntza sailburuordearekin zuzeneko harremana izan dugu: helarazi digun azken informazioaren arabera, eraikin berriaren proiektua onartuta dago, buletinean publikatzeko baldintza-agiria erredaktatuta eta, une honetan, lizitazioa abian jartzeko espedientea irekita dago. Ondo bidean, eta legeak ezarritako epeak betetzen badira, 2013ko uztailean, gutxi gorabehera, eraikina egiteko lanak esleituta egon beharko lukete. Aurreikusitako gastua, honakoa: 2013an, 300.000 euro, 2014an, 2.900.000 euro eta 2015ean, 4.287.822 euro.

Urola Institutuko sotoko egokitze lanak, berriz,  abuztuan hasi ziren, eta 2013ko urtarrilerako amaituta izatea espero da. DBHko zuzendaritzak eta gurasoek hainbat eskari egin dituzte, ahal den neurrian, argitasuna bermatzeko eta hezetasuna ekiditeko. Hezkuntzatik jakinarazi digutenez, teknikoek aintzat hartu dituzte eskariok.

Beti bezala, zuhurtziaz hartuko dugu informazio guztia; jakin badakigulako, krisiak zuzen-zuzenean eragiteko arriskua handia dela, eta Jaurlaritza berriaren osaketak zenbaterainoko eragina izango duen ere, ikusteko dagoelako.

Kategoria: Eraikin Berriaren Aldeko Batzordea Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude