Ikastaroa eskola kiroleko begiraleei

Real Sociedad Futbol Taldeak Gipuzkoako eskualdetako eskola kirolarekiko prestutasuna adierazi nahi izan du, haur eta gazteen prestakuntza hobetzeko asmoz. Lan horretan, Real Sociedad Fundazioak hainbat ikastaro antolatzen ditu urtero, eta horietako batez gozatzeko aukera izan genuen Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko begiraleok. 20 lagunetik gora parte hartu genuen ikastaroari urriaren 22an eman zitzaion hasiera eta harrezkero lau egunetan 3 ordu inguruko lau saio egin genituen. Ikastaroa alde teorikoan eta praktikoan tartekatzen zen, begiraleoi kirolaren prestakuntzan ezagutza eta esperientzia eskaintzeko asmoz, gero eskola kirolera eramateko.

Kirolean beharrezkoak diren teknikak, hala nola, erasorako eta defentsarako oinarriak jaso genituen begiraleok eta baita entrenamendu edo saio bakoitza jolasen bidez nola planteatu ere. Haur eta gazteak nolakoak diren eta nola jolasten duten aztertu, eta ondorioztatu genuen benjamin mailatik alebin mailara jauzia egon badagoela, nahiz eta ez den ikaragarria. Kirolean izaten duten aldaketaz gain, pertsonalki ere aldatzeko garaian sartzen diren unea izaten da benjaminetatik alebinetarako jauzia eta hor begirale bakoitzak haurrekiko izan behar duen jokabidea zein izan behar den jakin dugu. Hau egin ostean, umeek zituzten akatsak konpondu ahal izateko gomendioak jasotzeko parada ere izan genuen. Begiraleok haurrentzako eredu garenez,  haien aurrean daudenean nola jokatu ikasteko aukera izan dugu.

Arlo praktikoan, umeek bezala gozatu genuen begiraleok. Ikastolako frontoian egin genituen praktikak eta ehunka jolas eta jokoren jarraibideak hartu genituen. Jolas bakoitzari bariazioak egin eta betiko jolasetatik aldenduz, beste arlo batzuk lantzeko gida jaso dugu.

Begiraleek hainbat gairi buruz eztabaidatzeko eta gauza asko ikasteko aukera izan genuen ikastaroan zehar. Orain, ikasitakoa praktikan jartzeko ordua iritsi zaigu.

Andoni Elduaien    

 

Kategoria: Ikaskirol Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude