‘Gurasoek ere sare sozialak ezagutu behar dituzte’

Esther Martinez Gallastegi, Baikarako teknikaria

Esther Martinez Gallastegi, Baikarako teknikaria

Sare soziala hitza entzute hutsak  mesfidantza sorrarazten digu gurasooi, baina tresna,     berez, ez da kaltegarria, oker erabiltzeak sor lezake arriskua. Ondorio hori utzi zigun mahai gainean Esther Martinez Gallastegi Baikarako formazio taldeko gizarte-pedagogoak, Azkoitian eskaini zituen bi hitzalditan.  Udaberri-Indarlan guraso elkarteak antolatuta,  ‘Sare sozialak: zer jakin behar dugu?’ izenburupean, bi hitzaldi eskaini zituen gurasoei zuzenduta.  Gauza ororen gainetik, seme-alabei erabiltzen dituzten sare sozialei buruzko informazio eta ezagutza zuzena helaraztea aholkatu zigun bertaratu ginenoi. Bertan landutakoa laburbiltze aldera, gure galderei erantzun die Baikarako teknikariak.


Sare sozialen arrisku nagusiak zeintzuk dira?

Arriskuak egon badaude, eta ez dira gutxi: esaterako, posta elektronikoaren eta berehalako mezularitzaren arriskuak, mehatxu pertsonalak: grooming, ziberbullying eta sextinga, iruzurraren arriskua, pribatutasuna eta segurtasuna, eduki desegokietara sartzea, artxiboak partekatzearen arriskuak  eta segurtasuna telefono mugikorrean. Horien aurrean neurriak hartzea inportantea da.
 

Sare sozialen alde positiboak?

Sare sozialak, gure seme-alabei baliagarriak zaizkie komunikaziorako eta gaitasun sozial eta teknologikoen aldetik. Sare sozialak tresna oso baliagarriak dira, beti ere, ondo erabiltzen eta kudeatzen badira.

Sare sozialak modu egoki eta arduratsuan erabiltzeko aholku nagusiak

Datu pertsonalak ez ematea, jakitea sarean pertsona ezezagunak, ez ditugula benetan ezagutzen, probokazioei ez erantzutea eta liskarrei aukerarik ez ematea, interneten ezagutzen dugun norbaitekin aurrez aurre ez geratzea eta besteen pribatutasuna errespetatzea.

Zer jakin behar dute gurasoek sare sozialei buruz?

Haur eta nerabeentzat sarea ezinbestekoa da, beren bizitzaren zati garrantzitsu bat delako, baina baita beren harreman sozialena ere. Beraz ezin da debekuaren formulan erori. Hortik abiatuta, sare sozialak ez erabiltzea baino, sare sozialen erabilera arduratsu bat egitea da helburua. Hala ere, horretarako, gurasook ere sare sozialak ezagutu behar ditugu.

Nola sustatu dezakegu gurasook sare sozialen erabilpen egokia?

Haur eta nerabeekin hitz egin behar da, beren komunikazio pertsonaletan sartzeko asmorik erakutsi gabe; baina horretarako gaian jantziak egon behar dute. Hauen erabilpena azaldu behar zaie. Pribatutasunaren kontzeptua argitu eta hori nola neurtu eta kontrolatu erakutsi. Bizitza errealean ematen dizkiegun gomendioak sare sozialetara estrapolatzea besterik ez da.
Konfiantzazko komunikazio horrek arau zehatz batzuen adostea ekarri behar du. Arau horien gako nagusia denbora kontrolatzea da. Hau da, aktibitate gisa ulertuta, aktibitate horri denbora muga bat jartzea. Noiz eta zenbat denbora erabiliko dituzten, beraiekin adostu behar dugu.

Telefono mugikorra noiz  erosi gazteei, guraso askoren buruhaustea. Ba al dago adin egokirik?

Gero eta beranduago hobeto, baina gurasook gure seme-alaben ardura maila ezagutzearen ondorioz hartu beharreko erabakia da. Hala ere, adin bat zehazteagatik, 12 urte gutxienez.

 

 

Kategoria: Orokorra, Sailkatugabeak, Sare sozialak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>