‘Jolas kooperatiboen egunak’, hezkidetzara bidean

JOLASTOKIAAzpeitiko eta Azkoitiko Hezkidetza Foroak Jolasdenbora proiektua aurkeztu du gaur, ostirala, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Egitasmoaren nondik norakoak azaltzen bertan izan dira Azpeitiko hiru ikastetxeetako eta Azkoitiko bitako irakasleak, ikasleak eta gurasoak, Harremanitz Kooperatibako kideak, Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta Jauzika Elkarteko hezitzaileak. Leire Etxaniz Azpeitiko Udaleko Parekidetasun zinegotziak esan du Foroa abiatu zutenetik identifikatu zutela eskoletako jolas-garaiak “espazio garrantzitsuak eta interesgarriak” zirela hezkidetza txertatzeko. Etxanizek adierazi duenez, “egun eskoletako jolastokiak begiratzea besterik ez dago ohartzeko nola errepikatzen diren gure jendartean nagusi diren arauak eta dinamikak”. Dena den, ikastetxez ikastetxeko errealitatea “aldakorra” dela gaineratu du, baina ¬†jolastokian harreman parekideagoak sortzeko neurriak guztietan hartu dituztela esan du. Ikastetxeetako ordezkari moduan, Floreaga ikastetxeko ordezkariak hitz egin du, eta beraien eskolan eta ikastetxe gehienetan, futbol zelaiek eta saskibaloiko kantxek hartzen dutela espazio gehiena jakinarazi du. “Espazioak duen antolaketaren eta rol sozialen eraginez, neska mutilen arteko harremanak hierarkikoak eta estereotipatuak dira jolas-garaietan”, azaldu dute. Floreagako ordezkariaren arabera, “bereziki interesgarria” iruditu zaie jolastokian eragitea, ikastetxeek lan asko egin baitute ikasleen harremanak hezkideago izan daitezen. Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeetako jolasdenboretako errealitatea aldatzeko,¬†Jolas kooperatiboen egunak egingo dituzte aurrerantzean. Egitasmoaren helburua da “haur eta gazteen espazioan, denboran, harremanetan eta ikuspegietan hezkidetza eta tratu onen irizpideak txertatzea. Hau da, neska-mutilen arteko harremanetan dinamika berriak sortzea, eta lehiakortasunaren aurrean, elkartasuna, talde dinamika edo lasaitasuna bultzatzea, futbolaren eta saskibaloiaren pisua gutxitzea eta Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeek norabide horretan eman behar dituzten urratsei babesa eta euskarria ematea”. Horretarako, “baliabideak, denbora eta pertsonak” ikastetxeen eskura jarriko dituztela jakinarazi du, eta ikastetxeekin elkarlanean zenbait konpromiso hartu dituztela ere adierazi du: “Irakasleei zuzendutako hainbat formazio saio egin dira. Izan ere, irakasleak ezinbestekoak dira jolasdenborako espazioaren erabileraren aldaketa prozesuan. Horrez gain, aholkularitza zerbitzua ere martxan da. Bestalde, ikastetxe bakoitzean Jauzika elkarteko hezitzaileak ariko dira hainbat jolasdenbora dinamizatzen, eta azkenik, jolas eta material kooperatiboa eskainiko dugu”. (Uztarria komunikabidetik hartutako albistea) Etxanizek gogoratu duenez, “abiapuntu hartu nahi ditugu eskoletan orain arte baloi gabeko eguna izenarekin edo bestelako antolakuntza moduekin neska-mutilen arteko harremanetan eragiteko asmotan egindako ekimenak, eta era berean, aldaketa sakonagoen lehen urratsa izan dadin nahi dugu, gure asmoa ez baita mugatzen astean egun batean aldaketak egitera”. Horren harira, aurrerantzean “urrats berriak ematen” jarraituko dutela gaineratu du, seme-alabek harreman justuagoak eta askeagoak” ditzaten.

Kategoria: Orokorra Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude