Xabier Munibe ikastolaren 50. urteurreneko abestia kaleratu dute

Urteurreneko ospakizunei doinua jartzeko asmoz, Silence Azkoitiko taldeak sortu du abestia. Musikarien arabera, abestia “dantzagarria, alaia eta gogoraerraza” da. Sarean entzun daiteke kantua.

Xabier Munibe ikastolak 50 urte bete ditu aurten, eta urteurreneko ospakizunei doinua jartzeko asmoz, abestia kaleratu dute hango kideek. Silence Azkoitiko taldeak sortu du Ikastola 50 urte abestia, eta haren aurkezpena egin zuten atzo, osteguna, ikastolako atzoko eta gaurko zenbait gurasok, irakaslek, ikaslek zein abestia sortu duten artistek.

Jon Custodio Silenceko kide eta ikastolako ikasle ohiak hartu zuen hitza aurkezpenean, eta hark adierazi zuenez, guraso elkarteak emandako hainbat datutatik zein bizipen propioetatik abiatuta sortu dute abestiaren letra. “Ikastolaren deskribapen bat egiten saiatu gara; ikastetxea ezagutzen ez duen pertsona batek, abestia entzutean, hura imagina dezala transmititu nahi izan dugu”. Musikariak aitortu zuen “ilusio askorekin” hartu zuela Xabier Muniberen abestia egiteko proposamena, “lotura handia” baitu harekiko. “Oso gertukoa dut Xabier Munibe, eta sentitzen dut nire parte ere badela. Beraz, gogoarekin eta ilusioarekin egindako hitzak idatzi ditut”.

Silencek udan zehar sortu du abestia, eta taldeak hasieratik argi izan du kantuak “dantzagarria, alaia eta ulerterraza” behar zuela izan. “Abestia gogoraerraza izatea nahi genuen, umeek abestu zezaten”. Youtube, Bandcamp zein Spotify plataformetan entzun daiteke kantua.

Festa borobiltzeko, jaialdia

Xabier Munibeko Udaberri guraso elkarteak eta ikastolako zuzendaritzak hainbat ekintza egin dute azken hilabeteetan urteurrenaren harira; besteak beste, logo lehiaketa antolatu zuten joan zen ikasturtean, logo irabazlearekin jertseak kaleratu zituzten eta ikasturte hasieran motxilak oparitu zizkieten ikasleei. Urteurrena borobiltzeko, jaialdia antolatzen ari direla aurreratu du guraso elkarteak, eta han parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei.

Hona hemen abestiaren letra:

50 urte pasa dira.
Orduan izan zen ametsa egi bihurtua!
Sortu baikenuen ikastola magikoa,
Xabier Munibe izenez ezaguna!
Herritik herriarentzat egina!

Etorkizunez betea eta euskara oinarri,
Ematen diogu laguntza elkarri,
aniztasuna aberasgarri!
Entzuten da guraso, ikasle, irakasleen algara,
Indartsuak izan baginen,
Orain ere izango gara!

ESTR. Gure ikastola zure ere bada zatoz festara goaz dantzara asko dugu ospatzeko gaurkoan.
50 urte pasata goaz aurrera denok batera hauxe da Munibe ikastola!

Hezkuntza duina, ondorengoek behar dutena, ikasiko dute behar duten guztia iristeko edonora. Azkoititik mundura, euskaraz ikasiz zainduz gure kultura. Elkartasuna, laguntasuna eta aniztasuna!

ESTR. Gure ikastola zure ere bada zatoz festara goaz dantzara asko dugu ospatzeko gaurkoan.
50 urte pasata goaz aurrera denok batera hauxe da Munibe ikastola!

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude