Udaberri Guraso Elkartearen ekarpenak, Xabier Munibe Ikastolako gurasoekin elkarlana

Udaberri Guraso Elkarteak (UGE), Xabier Munibe Ikastolako guraso komunitatearen eta elkartearen arteko hartu-emana hobetu asmoz, iradokizunak jaso ahal izateko postontzi bat jarri du ikastolako idazkaritza aurrean. Berau erabiliz, guraso elkarteari helarazi nahi dizkiozuen ekarpenak egiteko aukera izango duzue.

Bestalde, eta guraso elkartea hobeto ezagutu arazi asmoz, UGEren zeregina eta ekarpenak zein diren azaltzen duen infografia bat zabalduko dugu gurasoon artean. Ondorengo puntuetan duzue informazioa labur bilduta:

  1. Eskolaz kanpokoak. UGEren ardura da, eskaintzaren diseinua, monitoreen kontratazioa eta formazioa, baita taldeen eta ordutegien antolaketa ere. Eskolaz kanpokoen eskaintza eta ikasle kopurua 2019-2020 ikasturtean ondorengoa da: ikaskirol (259 ikasle), antzerkia (55 ikasle), panderoa (19 ikasle), dantza modernoa (67 ikasle), euskal dantzak (50 ikasle), atletismoa (45 ikasle), mekanografia (115 ikasle) eta xakea (20 ikasle).
  2. Bitarteko zaintza zerbitzua. Gurasoei, eskola orduetatik kanpo umeak zaintzan uzteko aukera eskaintzea helburu, UGEren ardura da zaintzaileen kontratazioa eta taldeen eta gelen antolaketa. 45 ikaslek erabiltzen dute zerbitzua batez beste.
  3. Ikasgeletako materiala. Ikasleek ikasgeletan beren jarduna egoki garatzeko, beharrezko dituzten zenbait material eta ekipamenduren hornikuntza guraso elkarteak finantzatzen du. Eramangarrientzako armairu kargagailuak, eskulanetarako materiala, hiztegiak…
  4. Ibilaldiak. Ikasleek urtean zehar ikastolatik egiten dituzten irteeren garraio gastuen %50a, guraso elkarteak finantzatzen du.
  5. Mendi irteerak. Ikasturtean zehar familientzat egiten diren mendi irteerak eta naturarekin erlazionatutako ekimenak, guraso elkarteak antolatzen eta prestatzen ditu. Herriko hiru ikastetxeak elkarlanean aritzen gara gai honetan. 70 lagun inguruk parte hartzen du irteera bakoitzean batez beste.
  6. Gurasoen formazioa. Gurasoentzako interesekoak diren hainbat hitzaldi eta formazio eskaintzen ditugu kurtsoan zehar.
  7. Ospakizunak. Urtean zehar, ikastolan egiten diren hainbat ospakizunen prestaketaren ardura ere guraso elkartearena da. Olentzero, euskararen eguna, Xabier Munibe ikastolaren eguna, … Lan handia eskatzen dute eta elkartekoez gain beste hainbat gurasok ere laguntzen du egun hauetan.
  8. Gurasoen beharrak. Ikastolako gurasoen beharrak, interesak, iradokizunak jaso eta bideratzeko ardura ere badu guraso elkarteak. Honetarako, aurretik aipatutako postontzia erabiltzera gonbidatzen zaituztegu. Dena den posta elektronikoa edo zuzenean guregana gerturatzeko aukera ere baduzue nahi izanez gero.

Eskerrik asko eta jarrai dezagun lanean, gure ikastolaren, gure ikasleen eta gure umeen onerako izango delakoan.

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude