Olentzerok eta Mari Domingik umeen ilusioa piztu dute

Gabonen atarian, urteroko bisita egin dute Olentzerok eta Mari Domingik Xabier Munibe ikastolara. Ohi bezala, ikastolako ehunka ume zituzten zain bi protagonistek, eta ilusioak gainezka egin du areto nagusira joan direnean.

Olentzeroren eta Mari Domingiren abestiak kantatuz eman diete ongietorria bi pertsonaiei, eta umeek adi-adi jarraitu dituzte horien azalpenak. Adierazi dutenez, kostata iritsi dira Xabier Munibera, haizete gogorra egiten zuelako mendian. Ondoren, bertsoak hartu du tartea, eta Eunate Blanco, Denis Carbayeda, Julen Ruiz, Xanet Uria, Jakes Azpitarte, Bidatz Etxaniz eta Denis Errastik kopla bana abestu die biei.

Zintzoak izan al diren galdetuta, berriz, ikasleek ez dute zalantzarik izan baiezkoa emateko. “Ekarriko!” oihu artean eskatu dizkiete opariak Olentzerori eta Mari Domingiri, eta irrikaz eman dizkiete oparien zerrenda jasotzen zituzten eskutitzak. Musua eta besarkada artean amaitu dute ekitaldia.

Hemen ikus daitezke argazkiak:

Honako hauek izan dira, berriz, ikasleek abestu dituzten bertsoak:

Gustatu al zaizue
gure ongietorria
zuek etortzea da
oso pozgarria

Kaixo gure Olentzero
zer moduz zabiltza?
Mari Domingin ere
egin (e) zazu hitza

Gaur hogeia da ta
hemen Olentzero
opariak ekarri
txintxo egon ezkero

Olentzero aurten ni
txintxo portatu naiz
baina okerrak ere
egiten ditut maiz

Olentzero, eska(t)u de(g)u
kriston gauza pila
ta horietako bat
izango da “silla”

Ikusten Olentzero
garela jatorrak
ta mesedez ekarri
gure gustokoak

Olentzero jarriko
dizut nik gaileta
baina niri ekarri
kriston bizikleta

Zuhaitzaren azpian
opariak ongi
eskuzabal etorri
da Mari Domingi

Gabonak datoz eta
ume denak alai
egingo dugulako
ikastolatik jai.

Utzi gaituzuemez
zorion betean
arren, berriz etorri
hurrengo urtean

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude